jueves, 29 de diciembre de 2011

Andrei Tarkovskiren heriotzaren 25. urteurrenean


Horra, artea, materia antolatzeko bultzada, infinitura begira jarria, giza-katearen transzendentzia izpiritual batean oinarritua. Horra artea, bokazio aldatzaile baten abiapuntua. Tarkovsky zinemagilearen hitzetan, denboran zizelkatzea.
Hitzak materiaz elikatu: nire eskuetara heldu da egurra, eta berarekin zaldia. Irrintzi eta oihurik gabe kendu dizkiot sabelak. Kolpez kolpe zizelkatu dut konkadura, hutsunearen bila. Nirea eta zaldiarena. Gauzak ezagutzearekin batera ezagutuko baitut nire burua. Sortzea galderak eta erantzunak gurutzatzea da, obran biak batera gorpuztea. Poetaren xedea ez da galderak huts-hutsean egitea, galdera eta erantzunen artean zubiak eraikitzea baizik. Are, poeta ez zaio irakurleari bakarrik mintzo, inori mintzatzekotan bere buruari mintzo zaio, bere buruarekin behar du izan zintzo. Gamonedari kasu egitera, esana dagoenean bakarrik dakit zer esan nahi dudan. Orduan hasten da benetako borroka. Arimari forma ematea ezinbestekoa da egia ezagutzeko. Munduak irudiak, zeinuak ematen dizkigu. Guri dagokigu zeinu horiek baitaratu eta ulertzea. Arimaren bidez. Poetaren kasuan, hitzak buztin bihurtzen dira barrunbean arakatzeko, iluntasuna arakatzeko. Errealitatea ikusteko nahikoak dira begiak. Barrura begiratzeko, haratago jotzeko, beste zentzumen batzuk dira beharrezkoak. Horien artean, poesia. Argi elektrikoz inguratuta egonda ere, iluntasunean bizi gaitezke. Platonek kobazuloan jarri gintuen, itzalen itzal. Ezer bada poesia, horixe baita, iluntasuna atrakatzeko zentzumena.        

Gizakia ez baita sentitzeko gai bakarrik, pentsatzeko gai ere bada, eta arteak pentsatzeko zein gogoeta egiteko gaitasun hori barnebiltzen du: emozioak eta pentsamendua antolatzekoa. Arestian esan bezala, arteak egiara hurbiltzen gaitu, eta egia-gose hori kate luzea da, belaunaldiz belaunaldi transmititu dena. Barruko hariak kanpokoekin harremanetan jarriz abiatuko gara ezagutzaren bideetara, atzoko eta gaurko kontuak elkarren artean hizketan jarriz. Atzokoak gaurkoaren argitan, gaurkoak atzokoarenean. Gaur eta hemen idazten dut, baina ez naiz orainaldi soila. Iragan eta etorkizunarekin dauzkagun loturak anitzak dira. Ondorioz, gizaki orok bere destinoa lotu ahal du munduarenarekin eta gizateriarenarekin. Eta horretan dihardu poesiak.