![]() |
| Imanol Larrinagaren irudia |
GREZIARRAK ETA GU (2015-06-14) Aritz Gorrotxategi, Felipe Juaristi, Juan Ramón Makuso eta Pello Otxoteko.
Greziarrengandik
dator gustatzen zaigun poesia: Homero, Hesiodo, Safo, Pindaro...
Kavafis, Elytis, Seferis, Ritsos... Handik datoz ere gizakiaren
jakin-mina argitu duten pentsalariak: Tales, Heraklito, Parmenides,
Sokrates, Platon, Aristoteles... Grezia zen erromatarren ispilua;
Homerorik gabe nekez idatziko zuen Virgiliok Eneida
idatzi
zuen bezala.
Zizeronek eta Senekak greziar ereduetatik abiatu ziren beren eredu
propioak sortzeko. Antzerkia han sortu zen: Eskilo, Sofokles,
Euripides... Katulok maisuki bereganatu zituen Aristofanesen lezioak.
Errenazimenduak Grezian jarri zuen begirada, Mediterraneo itsasoan.
Humanismoaren lehen haziak eskualde hartan loratu ziren, baina Grezia
muga geografikoak gainditzen dituen lurralde bat baino askoz gehiago
da. Hölderlin greziarra
zen. Nietzsche ere greziarra
zen. Röckenen jaiotako filosofoak, munduaren ikuskera apoliniarra
eta dionisiarra bereizi zituenak, zerbaitegatik esan zuen ia garai
eta kultura maila guztiak behin eta berriz saiatu direla
greziarrengandik askatzen, aldarte txarrez askatzen saiatu ere; izan
ere, greziarren parean, ondorengo kulturek sortutakoak —itxuraz
originala eta miresgarria izan arren— kolorea eta indarra galtzen
du berehala. Ildo beretik, Artxipelagoa
izenburuko poeman,
Hölderlinek gogorarazi zigun Atenas hura galdua zela, eta isildua
zegoela agorako ahots ekaiztsua: “Norbera
bere lanetan hartua, norbere burua bakarrik entzunez tailer
iskanbilatsuan, eta basatiak gogor lanean beso ahaltsuz, atsedenik
gabe....”
Ogia
eta ardoa elegian,
berriz, Hölderlinek bidegurutze baten aurrean jarri zituen poetak:
zertarako poetak garai larrietan? Beste greziar
batek, Heideggerrek hain zuzen ere, saiakera labur bezain argigarri
bat eskaini zion bertso horri, eta lotura esanguratsua egin zuen
Hölderlinen eta Rilkeren artean. Heidegerren ustez, Hölderlin izan
zen garai larrietan bizi ziren poeten aurrekaria. Auschwitz eta
poesia lotzen dituen Adornoren esaldi famatua ere Hölderlinen
haritik dator. Zertarako poesia? Galderaren zentzua areagotu genezake
Camusekin batera: zertarako bizitza? Azken batean, ez dago ziurtasun
beterik, eta zalantzaz zalantza gabiltza, erdizka egindako izaki
kontraesankor gisa. Zertarako? Ez dago erantzun zehatzik, baina
zentzu halako bat bilatzen ahalegintzen gara, harria mendi gailurrera
berriro igotzen saiatzen zara. Horretan ari dira gaur egungo
greziarrak ere, orduko haien ondorengoak, duintasuna berreskuratu
nahian. Argi urdinak ihes egin digu eskuetatik, baina malkoak eta
sufrimendua korapilatzeaz nekatuta gaude. Amets egiten duten
greziarrak Homero dira, eta zer zen Homero amets egiten zuen greziar
bat ez bada? Mundua eraldatzeko ezinbestekoa da amets egitea.
Odiseok
bidaia luzea egin zuen sorterrira, sustraietara itzultzeko. Ithakak
bidaia
eder bat
eman zion, eta Ithaka gabe ez zen sekula
abiatuko.
Beti ari gara itzultzen. Beharbada, garai hobeak izan direla
gogoratzen dugulako, argia eskaini diguten garaiak izan badirelako,
lurretik altxatu eta ibiltzen segitzeko beharra sentitzen dugulako.

