martes, 16 de junio de 2015

POESIA ETA PENTSAMENDUA, 9. manifestua

Imanol Larrinagaren irudia

GREZIARRAK ETA GU (2015-06-14) Aritz Gorrotxategi, Felipe Juaristi, Juan Ramón Makuso eta Pello Otxoteko.

 
Greziarrengandik dator gustatzen zaigun poesia: Homero, Hesiodo, Safo, Pindaro... Kavafis, Elytis, Seferis, Ritsos... Handik datoz ere gizakiaren jakin-mina argitu duten pentsalariak: Tales, Heraklito, Parmenides, Sokrates, Platon, Aristoteles... Grezia zen erromatarren ispilua; Homerorik gabe nekez idatziko zuen Virgiliok Eneida idatzi zuen bezala. Zizeronek eta Senekak greziar ereduetatik abiatu ziren beren eredu propioak sortzeko. Antzerkia han sortu zen: Eskilo, Sofokles, Euripides... Katulok maisuki bereganatu zituen Aristofanesen lezioak. Errenazimenduak Grezian jarri zuen begirada, Mediterraneo itsasoan. Humanismoaren lehen haziak eskualde hartan loratu ziren, baina Grezia muga geografikoak gainditzen dituen lurralde bat baino askoz gehiago da. Hölderlin greziarra zen. Nietzsche ere greziarra zen. Röckenen jaiotako filosofoak, munduaren ikuskera apoliniarra eta dionisiarra bereizi zituenak, zerbaitegatik esan zuen ia garai eta kultura maila guztiak behin eta berriz saiatu direla greziarrengandik askatzen, aldarte txarrez askatzen saiatu ere; izan ere, greziarren parean, ondorengo kulturek sortutakoak —itxuraz originala eta miresgarria izan arren— kolorea eta indarra galtzen du berehala. Ildo beretik, Artxipelagoa izenburuko poeman, Hölderlinek gogorarazi zigun Atenas hura galdua zela, eta isildua zegoela agorako ahots ekaiztsua: “Norbera bere lanetan hartua, norbere burua bakarrik entzunez tailer iskanbilatsuan, eta basatiak gogor lanean beso ahaltsuz, atsedenik gabe....” 
 
Ogia eta ardoa elegian, berriz, Hölderlinek bidegurutze baten aurrean jarri zituen poetak: zertarako poetak garai larrietan? Beste greziar batek, Heideggerrek hain zuzen ere, saiakera labur bezain argigarri bat eskaini zion bertso horri, eta lotura esanguratsua egin zuen Hölderlinen eta Rilkeren artean. Heidegerren ustez, Hölderlin izan zen garai larrietan bizi ziren poeten aurrekaria. Auschwitz eta poesia lotzen dituen Adornoren esaldi famatua ere Hölderlinen haritik dator. Zertarako poesia? Galderaren zentzua areagotu genezake Camusekin batera: zertarako bizitza? Azken batean, ez dago ziurtasun beterik, eta zalantzaz zalantza gabiltza, erdizka egindako izaki kontraesankor gisa. Zertarako? Ez dago erantzun zehatzik, baina zentzu halako bat bilatzen ahalegintzen gara, harria mendi gailurrera berriro igotzen saiatzen zara. Horretan ari dira gaur egungo greziarrak ere, orduko haien ondorengoak, duintasuna berreskuratu nahian. Argi urdinak ihes egin digu eskuetatik, baina malkoak eta sufrimendua korapilatzeaz nekatuta gaude. Amets egiten duten greziarrak Homero dira, eta zer zen Homero amets egiten zuen greziar bat ez bada? Mundua eraldatzeko ezinbestekoa da amets egitea. 
 
Odiseok bidaia luzea egin zuen sorterrira, sustraietara itzultzeko. Ithakak bidaia eder bat eman zion, eta Ithaka gabe ez zen sekula abiatuko. Beti ari gara itzultzen. Beharbada, garai hobeak izan direla gogoratzen dugulako, argia eskaini diguten garaiak izan badirelako, lurretik altxatu eta ibiltzen segitzeko beharra sentitzen dugulako.

No hay comentarios:

Publicar un comentario