GU EZ GAREN BESTEA (2016-06-21) Aritz Gorrotxategi, Felipe Juaristi, Juan Ramón Makuso eta Pello
Otxoteko
Begi batek beste begia zeharkatzen duenean miraria gertatzen da,
alegia literatura; eta poesia, elkarren begiradak elkarri sartzen
dizkiogunean, labanak, arrosak edo krabelinak balira bezala. Elkarren
arteko hurbiltasuna adierazten du, elkar ezagutzeke; jakinik, ordea,
denok (ni, zu eta besteak), gizaki garela.
Gogora ditzagun Paul
Celanen hitz hauek, “Urruntasunaren laudorioa”
izeneko poeman agertzen direnak, Amapola eta memoria liburuan.
Zure begien iturrian
Bizi dira Itsaso
faltsuko arrantzaleen sareak.
Zure begien iturrian
Bete du itsasoak bere
promesa.
Gizatasunak esan nahi du,
batez ere, manifestu hau sinatzen dugunontzat, besteekiko kezka,
bestelako kontsideraziorik gabe, edo bestelako aurreiritzirik gabe.
Steinerek Sorkuntzaren Gramatikan idazten du:
“Nazien
herio-zelaietako hezur eta errautsek, Kanbodiako burezurren
piramideak, Bosnia edo Kosovon aurkitutako hilobi ankerrak garaiko
historiaren ikur eta ikono dira”.
Gainera genitzake
bestelako ikono asko: norberaren mina eta min horren arrazoia
gorabehera. Bada uste duenik hitza
oieskeriaren aurka ez dela deus; baina ez da egia. Idaztea begiratzea
bezalakoa da; besteengana hurbiltzea esan nahi du. Hitza deus ez da
besteengana hurbiltzeko ahalegin ez bada, bestearen alde erantzuterik
ez badu: hori baita “erantzukizun” hitzaren adiera. Hitza giza
gabea da bestearenganako begiramena eta bestearekiko berdintasuna,
goratu beharrean, bestearekiko ezberdintasuna aldarrikatzen duenean.
Baina badira oieskeriaren aldeko diren hitzak, bestearen aurpegian
giza aurpegia ikusteko gauza ez baitira. Besteak, eta harekin
harremanetan jartzeko dugun moduak, ez gaitu hobeak edo gaiztoagoak
egiten; gizaki edo bestela munstro egiten gaitu.
Gerra eta mendekotasuna
bermatzen dituen diskurtso politikoak albo batean uzten du diskurtso
etikoa, eta bestea apaldu, baztertu, giza gabetu nahi du. Alabaina,
hitza elkarrekin eta elkarren artean zabaltzeko sortu zen, besteari
gurea ere badena emateko. Inoiz ez da berandu: hitzek ez dute
denborarik. Hortxe jotzen du, hain zuzen, etikak bere gailurra.
Ez ditu mugatzen ongiaren eta gaizkiaren alorrak, garai
honetan, izan ere, eskuarki biak ala biak eskutik baitoaz.
Etika lehia, gogo,
irrika, desira da, horroreak azken hitza ez dezan hartu. Ez gehiago
ezta gutxiago ere. Horregatik, desira etikoak aurre egiten dio
botereari, jantzita daramatzan arropak direnak direla, eta besteekin
harremanak sortzen ditu erantzukizunaren aldetik. Besteen erantzule
gara, gu ere besteak baikara. Hori ikasi dugu terrorearen, izuaren,
muzinkeriaren, ezberdintasunaren eta, batez ere, gorrotoren aurka
borrokatu ondoren. Zeren, bestelakorik esaten bada ere, gorrotoa
sortzaile baita, eta poemak, ipuinak, eleberriak eta entseguak
idazten ditu. Irits daiteke literatura edo filosofia irakasle ona
izatera; maisu handi bihur daiteke, eta
argudio sotil eta errazak dituenez, gozarazten ditu nerabeen
belarriak, erreferentzia, irakurketa eta poema gabe umezurtz baitira.
Kontrajartze eta kritika gabe umezurtz ere badira, gauza guztiak
zalantzan jartzeko eta, aldiz, norberaren argi-ilunak eta nia ere
eztabaidan ez jartzeko ahalmen ezagatik.
Ez dugu poesia etikaren
argirik gabe ikusten, ezta besteen ahoz, belarriz, eskuz, oinez,
bizkarrez, tripez, eta barrukiz ondutako gozagarririk gabe ere. Era
berean, ez dugu etika boterearen
morrontzan ikusten, etika eta boterea aurkariak baitira. Etika giza
borondatearen lorpena dugu. Eta irabazitako etika hori hitzaren eta
ekintzaren bidez zabaldu eta lortzen da. Eta oraindik hitza geratzen
zaigu.
Boterea ezartzen denean,
esperantza urritzen da, eta badakigu esperantza dela garai zailetako
bertutea, dakigun bezala garai guztiak zailak direla. Horregatik,
zailtasunean azaltzen da bestearenganako erantzukizuna. Zailtasunean
Homerok troiar garaituak kareaz eta errautsez estali ordez, laudatzen
ditu eta haien bertuteak kantatu eta
goresten ditu. Are gizakiago erakusten dizkigu, eta Akiles eta Priamo
mahai berean esertzen ditu elkarren arteko bakea egin dezaten. Minean
elkar ulertu eta bat egingo bagenu, bozkarioa egunen batean guregana
iritsiko litzateke.

