martes, 21 de junio de 2016

POESIA ETA PENTSAMENDUA 10. manifestua


GU EZ GAREN BESTEA (2016-06-21) Aritz Gorrotxategi, Felipe Juaristi, Juan Ramón Makuso eta Pello Otxoteko

      Begi batek beste begia zeharkatzen duenean miraria gertatzen da, alegia literatura; eta poesia, elkarren begiradak elkarri sartzen dizkiogunean, labanak, arrosak edo krabelinak balira bezala. Elkarren arteko hurbiltasuna adierazten du, elkar ezagutzeke; jakinik, ordea, denok (ni, zu eta besteak), gizaki garela. 


     Gogora ditzagun Paul Celanen hitz hauek, “Urruntasunaren laudorioa” izeneko poeman agertzen direnak, Amapola eta memoria liburuan.


         Zure begien iturrian

        Bizi dira Itsaso faltsuko arrantzaleen sareak.

        Zure begien iturrian

       Bete du itsasoak bere promesa.


     Gizatasunak esan nahi du, batez ere, manifestu hau sinatzen dugunontzat, besteekiko kezka, bestelako kontsideraziorik gabe, edo bestelako aurreiritzirik gabe. Steinerek Sorkuntzaren Gramatikan idazten du:


     “Nazien herio-zelaietako hezur eta errautsek, Kanbodiako burezurren piramideak, Bosnia edo Kosovon aurkitutako hilobi ankerrak garaiko historiaren ikur eta ikono dira”.


     Gainera genitzake bestelako ikono asko: norberaren mina eta min horren arrazoia gorabehera. Bada uste duenik hitza oieskeriaren aurka ez dela deus; baina ez da egia. Idaztea begiratzea bezalakoa da; besteengana hurbiltzea esan nahi du. Hitza deus ez da besteengana hurbiltzeko ahalegin ez bada, bestearen alde erantzuterik ez badu: hori baita “erantzukizun” hitzaren adiera. Hitza giza gabea da bestearenganako begiramena eta bestearekiko berdintasuna, goratu beharrean, bestearekiko ezberdintasuna aldarrikatzen duenean. Baina badira oieskeriaren aldeko diren hitzak, bestearen aurpegian giza aurpegia ikusteko gauza ez baitira. Besteak, eta harekin harremanetan jartzeko dugun moduak, ez gaitu hobeak edo gaiztoagoak egiten; gizaki edo bestela munstro egiten gaitu.


     Gerra eta mendekotasuna bermatzen dituen diskurtso politikoak albo batean uzten du diskurtso etikoa, eta bestea apaldu, baztertu, giza gabetu nahi du. Alabaina, hitza elkarrekin eta elkarren artean zabaltzeko sortu zen, besteari gurea ere badena emateko. Inoiz ez da berandu: hitzek ez dute denborarik. Hortxe jotzen du, hain zuzen, etikak bere gailurra. Ez ditu mugatzen ongiaren eta gaizkiaren alorrak, garai honetan, izan ere, eskuarki biak ala biak eskutik baitoaz.


     Etika lehia, gogo, irrika, desira da, horroreak azken hitza ez dezan hartu. Ez gehiago ezta gutxiago ere. Horregatik, desira etikoak aurre egiten dio botereari, jantzita daramatzan arropak direnak direla, eta besteekin harremanak sortzen ditu erantzukizunaren aldetik. Besteen erantzule gara, gu ere besteak baikara. Hori ikasi dugu terrorearen, izuaren, muzinkeriaren, ezberdintasunaren eta, batez ere, gorrotoren aurka borrokatu ondoren. Zeren, bestelakorik esaten bada ere, gorrotoa sortzaile baita, eta poemak, ipuinak, eleberriak eta entseguak idazten ditu. Irits daiteke literatura edo filosofia irakasle ona izatera; maisu handi bihur daiteke, eta argudio sotil eta errazak dituenez, gozarazten ditu nerabeen belarriak, erreferentzia, irakurketa eta poema gabe umezurtz baitira. Kontrajartze eta kritika gabe umezurtz ere badira, gauza guztiak zalantzan jartzeko eta, aldiz, norberaren argi-ilunak eta nia ere eztabaidan ez jartzeko ahalmen ezagatik.


     Ez dugu poesia etikaren argirik gabe ikusten, ezta besteen ahoz, belarriz, eskuz, oinez, bizkarrez, tripez, eta barrukiz ondutako gozagarririk gabe ere. Era berean, ez dugu etika boterearen morrontzan ikusten, etika eta boterea aurkariak baitira. Etika giza borondatearen lorpena dugu. Eta irabazitako etika hori hitzaren eta ekintzaren bidez zabaldu eta lortzen da. Eta oraindik hitza geratzen zaigu.


     Boterea ezartzen denean, esperantza urritzen da, eta badakigu esperantza dela garai zailetako bertutea, dakigun bezala garai guztiak zailak direla. Horregatik, zailtasunean azaltzen da bestearenganako erantzukizuna. Zailtasunean Homerok troiar garaituak kareaz eta errautsez estali ordez, laudatzen ditu eta haien bertuteak kantatu eta goresten ditu. Are gizakiago erakusten dizkigu, eta Akiles eta Priamo mahai berean esertzen ditu elkarren arteko bakea egin dezaten. Minean elkar ulertu eta bat egingo bagenu, bozkarioa egunen batean guregana iritsiko litzateke.

No hay comentarios:

Publicar un comentario