viernes, 9 de junio de 2017

POESIA ETA PENTSAMENDUA 11. manifestua


   

POESIA ETA IRAULTZA (2017-06-9) Aritz Gorrotxategi, Felipe Juaristi, Juan Ramón Makuso eta Pello Otxoteko

Iraultza garaiak berritze garai gisa irudikatu zituzten askok. Gizarte osoaren ehundurak zeharkatu behar zituen iraultzak, mezu berri bat zabaldu, errealitatea aldatu, kulturala barne. Arendt-ek, ordea, ohar garrantzitsu bat egin zigun Iraultzari eskainitako bere liburuan. Berdintasun bortxatu bat lortu nahian, askatasunaren “utopistek” nonahi ereiten duten beren asmo argigilea, eta beren ustezko helburu zintzoen aurka daudenak makurrarazten dituzte herriaren behar asegabeen izenean. Arendt-ek, halaber, askatasunaren eta askapenaren artean bereizketa egin zuen. Askatasunak parte-hartze politiko-publiko gune bat babestearekin du lotura, baita norbanakoaren eskubide ezin bortxatuzkoen eremu bat babestearekin ere. Askapenak, aldiz, gizarte arazoarekin, oparotasuna lortzearekin eta zoriontasunarekin du zerikusia.

Errusiar iraultza piztu zenean, Errusian sortzaile talde aparta zegoen arlo guztietan, baita abangoardia mugimendu emankorrak ere. Errealismo sozialistak, ordea, hori dena aldatu eta zapuztu zuen. Hasiera batean, errusiar abangoardiako izen handiak lankidetzan aritu ziren boltxebismoarekin. Pixkana, tranpa moduko batean erori ziren; indarrean zegoen erregimen berriak beste diskurtso bat behar zuen, jendea bereganatzeko beste modu bat, garaipen komunistak islatzeko beste era bat. Hori horrela, barne mailan egiten zein ezein kritika erregimenaren aurkakotzat eta etsaien aldekotzat jotzen zen. Gurekin edo gure aurka. Ez zegoen ñabarduretarako zirrikiturik. Otsoak askatuta, denok dakigu zer gertatu zen ondotik. Nadiezhda Mandelstam, Evgenia Ginzburg, Solzhenitsin edota Shalamov-en lanek xehetasunez islatzen dute zer izan zen Errusia iraultzaile hura biztanle askorentzat. Blok, Esenin, Mandelstam, Tsvietaieva, Ajmatova edo Pasternak-en poemak ere baditugu. Babel-en ipuinak. Bulgakov-en lanak. Miragarriki orain zenbait urte osorik heldu zitzaigun Grossman-en Bizia eta patua. Eta abar luze bat.

1938an Bretonek, Trotskik eta Diego Riverak Arte iraultzaile independente baten aldeko manifestua kaleratu zuten. Hitz gogorrak izan zituzten faxismoaren gehiegikerien aurka, baina baita Stalinismoaren pean artearen alorrean indarrean zegoen zurikeriarentzat ere. Haien ustez, artea ezin da ezeren menpe edo zerbitzura jarri, ez bada sortzailearen askatasunaren menpe. Arteari ezin zaizkio helburu pragmatiko epe laburrekoak ezarri, eta Marx-ekin batera diote idazleak ez dituela bere lanak zerbaiten bitarteko gisa hartzen, bere horretan helburu gisa baizik. Zentzu horretan, Iraultzaren garaian egin zen literaturatik, Nabokov-ek Maiakovski-ren poema sorta bat baino ez du salbatzen. Joseph Brodsky-k, aldiz, dio Mandelstam poeta handia zela iraultza baino lehen. Baita Ajmatova eta Tsvietaieva ere. Eta hala izango zirela Errusian mende hartan gertatu zen guztia gertatu izan ez balitz ere; talentua bazutelako, eta talentuak ez duelako historiarik behar.
 
Neurri handi batean, esan daiteke iraultzak talka egin zuela sormen gaitasunarekin. Mugatu egin zuela, kimatu, baita txikitu ere zenbait kasutan. Sortzaileen berezko esparrua askatasuna da, gauzak sentitu eta pentsatu bezala idatzi ahal izatea. Agintean dagoen alderdi, erregimen edo sistemaren beldur pean egon gabe. Gauza jakina baita beldurraren ondotik axolagabekeria datorrela, eta axolagabekeriarekin konplizitatea. Benetako iraultza bakarra askatasun hori berdintasunarekin uztartzean datza, bi horien arteko orekan. Berdin eta aske garen neurrian gauzatuko da iraultza, baita aberastu ere. Iraultzak ez lituzke buruak eta hegoak moztu behar, eta hala egiten badu, ez da benetako iraultza.
 
Mandelstam-ek zioen poesia klasikoa zela iraultzaren poesia. “Poesia da denbora lurpetik ateratzen duen goldea, haren geruza sakonenak, haren lur beltza, agerian jartzen dituena”. Iraultzailea bada, poesiak ez du politikoa edo ideologikoa izan behar, ez du literaturaz kanpoko helburu bat bilatu behar; gizakia behar du ardatz, bizitza eta heriotza, poza eta mina, askatasuna eta ziega... Hari bat izan behar du, iraganaren, orainaren eta etorkizunaren artean. Ez du kontzeptu edo gauza bat mugatu behar, hartan askatasunez bizi behar da, hitzaren bidez. Poesiak ez ditu gauzak edertzen, apaintzen edo aldatzen esperientzia biziago bat lortzeko; ikuspegi berriak zabaldu eta sortu behar lituzke, beharrezkotzat jotzen ditugun intuizioekin bat datozen egoerak biderkatu. Hortik datorkio indar iraultzailea.


No hay comentarios:

Publicar un comentario