Aritz Gorrotxategi, Felipe Juaristi, Juan Ramón Makuso eta Pello Otxoteko.
Poesiaren etxea defendituko dut; askatasunaren
etxea defendituko dut: azalkeriaren kontra, faltsutasunaren kontra,
artifizioaren kontra, axolagabekeriaren kontra. Poesia gizakiaren askatasunaren
azken lurmuturra da.
Denok, orokorki, badaukagu gune intimo
bat, barne-barnekoa, nortasunaren txoko mugatua, zeinetan gizabanako
bakoitzaren emozioak eta bulkadak hozitzen diren; eta, indibiduoak urrunekoa
norberarena balitz bezala sentitzen du eta norberarena urrunekoa balitz bezala.
Leku horretan pasioa eta sentimenduak ernetzen dira, hots, emoziorik
primitiboenak eta indartsuenak, eta horien artean, gogo poetikoa. Eta gogo
poetikoa guztiz askea da.
Poesiaren askatasuna egiara hurbiltzeko
balio digu, funtsean egia, iristezina bada ere. Askatasuna kanpo
errealitatearen atxikimendua baimentzen dugu. Ondoren, geure barnean kontu
partikularren eta kontu unibertsalen artean elkarrekiko loturak eraiki behar
ditugu, joan-etorriko bideak sortu, eta hitzen bitartez geure barne gogoetak
antolatu eta egituratu. Antolaketa honen arkitektura modu estetikoan egiten
dugu, eta antolaketa honen lurraldea poesia da. Poesia da askatasunaren azken
muga. Askatasun honek, arestian esan bezala, kanpo errealitatearen atxikimendua
baimentzen digu, geure barne gogoetekin hausnartzeko emaitza eta adierazpide
liriko aske baten ondorioa munduratzeko.
Poesiaren askatasuna da benetan arnasteko
indarra ematen diguna. Askatasun horrek baimentzen digu etorkizunari ilusioz
aurre egiteko sentimenduak garatzea, eta egungo injustiziaren aurrean
erresistentzia modu ezberdinak gauzatzeko indarra ematen digu. Poesia hasperen
bat da, putzaldi bat da, askatasunaren gunea eta bere haizearen eramailea,
askatasunaren arnasa lau haizetara hedatuko duena, gizakion artean
anaitasunezko hazia ernalduko duena.
Hitz aspertu luzea egiten dugu,
bertso-lerro anpulosoak egituratu, eta mezu kitzikagarriak zabaldu. Baina
ahalegin guztien funtsa poesia da, eta ekimena egiazkoa eta gizatiarra bada,
orduan hitzen ostean bere hondar argigarria utziko du. Hitzaren azken
lurraldea, askatasunaren isilune iraultzailea: poesia. Esan gabe geratzen dena
da poesia.

