Mostrando entradas con la etiqueta Manifestua. Mostrar todas las entradas
Mostrando entradas con la etiqueta Manifestua. Mostrar todas las entradas

lunes, 16 de junio de 2014

POESIA ETA PENTSAMENDUA, 8. manifestua

PENTSAMENDUA ETA POESIA, 8. MANIFESTUA 


Imanol Larrinagaren irudia

POESIAK AHAL DU (2014-06-16) Aritz Gorrotxategi, Felipe Juaristi, Juan Ramón Makuso eta Pello Otxoteko.

     Poesiak gizakia ahal du. Ahal du gizakiaren mugez galdetu, ahal du mundua izan eta munduratu. Poesiaren bidez galdetzen du poetak, ez, ordea, ziurtasunaren egarri delako, galderaren bidez gorpuzten delako baizik, zalantzaren bidez, kontraesanaren bidez... Tresna horien bidez egiten du munduaren irudia, hitzen bidez arakatzen du eta eraikitzen, hizkuntzaren bidez ahal dezake errealitatea birsortu eta azaletik atera. Galdetzea azalean ez geratzea baita, azalekoan ainguratuta ez geratzea, autoatsegintasunaren gerizan. Galdetzea, ordea, ez da beti erantzunak topatzea. Galdera norabaitera iristeko bidea da, nora ez dakigun arren. Galdera argia eta heldulekua da. Poeta galderan gauzatzen da, hartan da biluzten. Poeta zalantza da, baina egiarekin egiten du amets, jakin badakien arren egia kontzeptu bat besterik ez dela. Horra poetaren kontraesan handienetakoa: mundua azaltzeko asmatu dugu hitza, baina hitzak berez du mugatzen mundua, sailkatzen du eta ordenatzen. Etiketatzen. Poetak, hitzak bezalaxe, bere mugak ditu, baina muga horiek gainditzea du helburu, hitzak harago eramatea edo sakonetik ur azalera ekartzea. Agian, ezingo ditu berezko mugak gainditu, baina saiatzea da haren lanbide kartsua, Gelmanen hitzekin esateko, mundua hitzaren bidez birsortu ahal duela sinistea.
   Yves Bonnefoyren esanetan, “ni poetikoak munduaren sakontasunera garamatza, ez du gure hilkortasuna ahazten, ez eta denboraren baitan bizi garenik ere. Esperientzia poetikoak norbanakoarena behar du izan, eta gizabanakoan berriro sor daiteke. Gizabanako horiek lagun diezaiokete gizarteari berritzen”. Egunerokotasunean sentimenduen bidez bizi dugu esperientzia poetikoa, sentimenduen bidez eta ez sentsazioen bidez. Poesiak gure sentitzeko gaitasunaren epidermisa, dermisa eta hipodermisa ukitu beharko lituzke. Sentimenduaren gunerik sakonenera heldu beharko litzateke, mina ere badagoen gunera. Sentsazioa, berriz, epidermisean geratzen da, azalean. Ez du zauririk uzten, ez galderarik eragiten, eta hark utzitako poza azkar lurruntzen da.
        “Nekatuta hitzekin datozen horiekin,/ hitzekin baina ez hizkuntzarekin, / abiatu naiz elurrez estalitako uhartera”, dio Tranströmerren 79ko martxoan poemak. Eta amaieran, berriz: “Basahuntzaren oinatzekin egin dut topo elurretan. / Hitzik ez, baina bai hizkuntza”. Izan ere, hitzari hizkuntzatik datorkio hunkitzeko indarra, ez diskurtsotik. Poetaren galderak ez du beste ezer ez beste inor zerbitzatzen. Poesia diskurtso politikoarekiko ezaxola bizi da, poesia ideologiarekiko borroka baita. Diskurtso politikoak sinplifikatu egiten du, gurekiko ezberdinak diren horiek ez ulertzeko erabakia dauka atzetik, norberaren tesiak indartzekoa, norbera gotortzekoa. Poesia, ordea, besteak ulertzeko bokaziotik sortzen da, galderak egiteko bokaziotik, ez erantzun behin-betikoak emateko bokaziotik. Horregatik da askatasunaren eremu, eta horregatik ahal du poesiak.

lunes, 10 de junio de 2013

POESIA ETA PENTSAMENDUA, 7. manifestua




POESIAREN ETXEA (2013-06-10)
Aritz Gorrotxategi, Felipe Juaristi, Juan Ramón Makuso eta Pello Otxoteko.


Poesiaren etxea defendituko dut; askatasunaren etxea defendituko dut: azalkeriaren kontra, faltsutasunaren kontra, artifizioaren kontra, axolagabekeriaren kontra. Poesia gizakiaren askatasunaren azken lurmuturra da.



Denok, orokorki, badaukagu gune intimo bat, barne-barnekoa, nortasunaren txoko mugatua, zeinetan gizabanako bakoitzaren emozioak eta bulkadak hozitzen diren; eta, indibiduoak urrunekoa norberarena balitz bezala sentitzen du eta norberarena urrunekoa balitz bezala. Leku horretan pasioa eta sentimenduak ernetzen dira, hots, emoziorik primitiboenak eta indartsuenak, eta horien artean, gogo poetikoa. Eta gogo poetikoa guztiz askea da.



Poesiaren askatasuna egiara hurbiltzeko balio digu, funtsean egia, iristezina bada ere. Askatasuna kanpo errealitatearen atxikimendua baimentzen dugu. Ondoren, geure barnean kontu partikularren eta kontu unibertsalen artean elkarrekiko loturak eraiki behar ditugu, joan-etorriko bideak sortu, eta hitzen bitartez geure barne gogoetak antolatu eta egituratu. Antolaketa honen arkitektura modu estetikoan egiten dugu, eta antolaketa honen lurraldea poesia da. Poesia da askatasunaren azken muga. Askatasun honek, arestian esan bezala, kanpo errealitatearen atxikimendua baimentzen digu, geure barne gogoetekin hausnartzeko emaitza eta adierazpide liriko aske baten ondorioa munduratzeko.



Poesiaren askatasuna da benetan arnasteko indarra ematen diguna. Askatasun horrek baimentzen digu etorkizunari ilusioz aurre egiteko sentimenduak garatzea, eta egungo injustiziaren aurrean erresistentzia modu ezberdinak gauzatzeko indarra ematen digu. Poesia hasperen bat da, putzaldi bat da, askatasunaren gunea eta bere haizearen eramailea, askatasunaren arnasa lau haizetara hedatuko duena, gizakion artean anaitasunezko hazia ernalduko duena.



Hitz aspertu luzea egiten dugu, bertso-lerro anpulosoak egituratu, eta mezu kitzikagarriak zabaldu. Baina ahalegin guztien funtsa poesia da, eta ekimena egiazkoa eta gizatiarra bada, orduan hitzen ostean bere hondar argigarria utziko du. Hitzaren azken lurraldea, askatasunaren isilune iraultzailea: poesia. Esan gabe geratzen dena da poesia.

lunes, 11 de junio de 2012

POESIA ETA PENTSAMENDUA, 6. manifestua



Imanol Larrinagaren irudia

POESIA, ILUNTASUNA ARAKATZEKO ZENTZUMEN (2012-6-11)
Aritz Gorrotxategi, Felipe Juaristi, Juan Ramón Makuso eta Pello Otxoteko.


Kanten ustez, zientzia eta arrazoia mugatuak dira errealitatea antz emateko, gizakiak distortsionatuta antz ematen baitu errealitatea. Distortsio mekanismoa gizakiaren gaitasun kontzeptuala da. Gizakiaren oinarrizko kontzeptuak (denbora, espazioa, existentzia… ) ez dira esperientziatik eratortzen, bere kontzientzian dagoen filtro sistema batetik baizik. Sistema horrek bere diseinu propioa ezartzen dio gizakiak munduaz duen pertzepzioari. Hori dela eta, gizakiak ezin du bestela antz eman kanpoko hori. Kanten ustez, horrek frogatuko luke gizakiaren kontzeptuak ilusio hutsa baino ez direla, ilusio huts kolektiboa gainera, inork ezin baitu bertatik ihes egin. Hala, zientzia eta arrazoia mugatuak lirateke. Nola diren mugatuak, zentzu horretan paralelismoa eginez, albistegi zein albistegiez huts-hutsean elikatzen diren eztabaidak errealitatea antz emateko. Esan baitaiteke kazetaritza eta informazioaren alorrak  gertakari eta zirkunstantzietan bilatzen duela halako egunerokotasunaren logos bat.  

Unamunorentzat, aldiz, arrazoiak ezin du bidea bidelagunik gabe egin. Ezinbesteko du bihotza. Biekin pentsatu beharra dago, biekin antz eman beharra. Arrazoiarentzat frogagarri dena, huraxe da egia. Beraz, arrazoia ez da gaitasun kontsolagarri bat. Neurri batean asetzen du zientziak gure jakiteko grina, gure egia-gosea. Baina ezin ditu ase gure behar afektibo edo nahimenezkoak, gure hilezkortasun egarria. Are, ez asetzeaz gain, aurka egiten die. Izan ere, Spinozak esandakoari jarraiki, gauza bakoitzak bere izatean irauteko duen ahalegina, ez da gauza horrexen egitezko esentzia besterik". Esan nahi baitu Unamunok, gure esentzia, gizaki bakoitzarena, gizaki izaten irauteko ahalegina baino ez dela, hila ez izateko eginahala. Transzendentzia. Gure “beste” errealitatea, barru-barrukoa, albistegiek ukitu ere egiten ez dutena.  

Baina zergatik transzenditzeko gose hori? Txikitatik sortzen da gugan jakin mina, beti zertxobait haratago jakiteko gogoa. Zergatia zorrozteko beharra, ukitzekoa. Ez gara osorik jaio, zerbait dugu faltan. Kosta egiten zaigu bizitza datorren bezala hartzea. Horregatik sortu ditugu erlijioa, filosofia, artea edo zientzia; ez gatozelako guztiz bat bizitzea tokatu zaigun munduarekin. Horregatik ari gara aspalditik gure mundu propioa eraiki nahian, gure lekua, etengabe gure buruaz eta hura hartuko duen errealitateaz erdituz. Etengabeko erditze horretan, errealitatea bere osotasunean antz emateko ahalegin horretan, eta era berean, jakinik, arrazoia bere horretan, helduleku fidakaitz samarra dela, non hondoratu sustraiak?

Maria Zambranok arrazoi poetikoa proposatzen zuen. Hau da, filosofiaren hitz arrazionala eta poesiarenaren irrazionala uztartzea. Erro beretik baitatoz biak: inguratzen gaituen errealitatearekiko harridura.  Eta harridurara kanporatzen gaituen erditze honetan jatorrizko izakia berreskuratzen dugu. Hain zuzen ere, Nietzschek urte batzuk atzera irekitako ziurgabetasun eremua egoki bideratzeko proposatzen zuen Zambranok arrazoi poetikoa. Nietzschek hil zuen jainkoa filosofiarena baitzen, arrazoiak sortutakoa. Alemaniarrak jatorrira itzuli nahi zuen, jainkotasunaren ezaugarrien bila. Askatasun tragikoa erein zuen, eta aldi berean, filosofiak definitutakotik ezkutuan geratu zen hura guztia berreskuratu zuen. Alegia, gizakiak gizakiari ezarritako mugak apurtu zituen, eta horrekin batera, bere arimaren infernuak berreskuratu: grinak. Eta infernuan, iluntasuna zegoen, ezereza, orain kontzientzian leku hartuz, izatearen ordez. Sartrek gerora azpimarratuko du, ezereza absentzia bezala bizia denean, badela azpian beste zerbaiten aukera. Baina zein izate klaseri ote dagokio? Jatorrizkoari, espazio eta denborarik gabeko gizaki horri, sakratutasun garbiari. Jatorrizko izaki hori berreskuratu ostean, gizakiari berari dagokio bere izate berria sortzea, sortzeak berak eta sortzeak berak dakarren kontzientzia onartuz.

Zambranoren proposamenak bide horretatik jotzen du. Bere ustez, metodo arazo batek banatzen ditu poesia eta filosofia. Poesia, berez, antimetodikoa baita, eta gauzen osotasuna salbatu nahi du, diren bezalako, askotariko, ezeri uko egin gabe. Metodorik gabeko bide honi segika, bere burua ahaztuz, poetak osotasuna eta grazia erdietsi ditu, kantatzen duen ahots gisa, eta ahots horren bidez gauzak bere izate propioan agertzen dira. Azken batean, poesia logosa eratu aurretikoa da, hizkuntza baino lehenagokoa, eta sakratutasunetik mintzo zaio bihotzari, logosak mugatu gabeko zelai batetik. Poesia da gure baitako iluntasuna arakatzen laguntzen digun zentzumena, gure arroztasuna adierazten duen hitza. Izan ere, albisteek soilik ez gaituzte iluntasunetik aterako. Politikak bakarrik, ez du mundua konponbidean jarriko. Osotasunez hurbildu behar gatzaizkio errealitateari, zintzo, transzendentzia eta egunerokotasuna uztartuz. Horixe da poesiaren eremua, errealitatearen sustraiak bilatzea kantuaren bidez.

viernes, 8 de junio de 2012

POESIA ETA PENTSAMENDUA, 5. manifestua


Imanol Larrinagaren irudia

POESIATIK POLISERA (Donostia, 2011/06/14)
Aritz Gorrotxategi, Felipe Juaristi, Juan Ramón Makuso, Pello
Otxoteko



            “Garbi dago hiria gauza naturaletako bat dela, eta gizakia izaeraz hiriko animalia”. Horrela dio Aristotelesek bere Politikan. Eta hitz hauek poesiaren jardunarekin uztartzen dira: hitzaren bitartez zizelkatzen du poetak bere errealitatea, polisan, agoran, hiriko plazan.
          
         Poemaren sorkuntzan, poetak hitzarekin jolasten du, hitza behar du harilkatu. Eta hitzekin beste elementu bat askatzen du: barruko sentimenduak. Sentimenduak oso bereak izan arren, poema irakurle/entzuleari ematen dionean, sentimenduak jada ez dira bereak, irakurle/entzulearenak baizik, poemari gorputza ematen dion beste horrenak, ezinbesteko figura. Kontraesana badirudi ere, poetak hitzaren bitartez atzeman nahi du errealitatea, errealitateari erantzun, eta hor ezinbestekoa du hitzen bidez erantzutea. Errealitateari erantzuteko, beraz, poetak hitza eta gogoeta ditu tresna, hitza da errealitatea eta bien arteko zubia. Halere, zubia ez da igarobide lasai bat. Zubi horretan ezbai asko daude, bihurgune ugari, poetarentzat ez baita erraza hitz egokia topatzea errealitatea atzemateko. Eta horixe da poetaren erronka, errealitate horren erpinak arakatzea, errealitatearekiko jakin mina sekula galdu gabe. Zentzu horretan, Goethe-ren hitzak gogoratuz, artearen jardun gorena eta bakarra forma ematea da. Poesiak, gizakiak, poetak, bere hitzekin erantzuten duenean forma ematen dio errealitateari, polisean gertatzen denari, polisarekin bat eginez.
          
          Alde horretatik, ezin ahaztu Xabier Leteren hitzak: “eta poeta eta poeta, etxean gelditu da ateak itxita”. Nonbait, haserretu egin da poeta, bizkarra ematen dio kanpokoari, polisari, hiriari. Eta beharbada, baita ere bere buruari. Baina ez hori bakarrik. Aristotelesi kasu egitera, “hitza, ordea, komeni dena eta kaltegarri dena, bidezkoa eta bidegabekeria, adierazteko erabiltzen da”. Poeta abere politiko baden neurrian, poesiatik lerratze etiko bat egiten saiatzen da; hau da, polisekoa, hirikoa den neurrian, parte hartzen saiatzen da, estetika eta etika bat proposatuz.
            
         Edonola ere, gaurko egunean polisa bera ezbaian ageri da; eta baliteke hiri berri baten atarian egotea. Eta, ondorioz, gizaki berri baten atarian, aurrekoa gainditzekotan dena. Baina gizaki berri honek ez du zerikusirik Nietzschek aldarrikatzen zuen gain-gizakiarekin, ezta, haren ifrentzuan,  Tosltoik desio zuen anaitasun loturak izango zituen gizakiarekin. Gaurko hiria, Leteren poeta huraxe bezala, ateak itxita geratu da, bere baitan bilduta bezainbat bere baitatik ihesi. Edo José San Martinen hitzetan esanda, “gure historia hasi genuen izaditik gutxi gorabeherako ihesaldi batekin. Denboraren poderioz, urrentze hori areagotu egin da. Gaur, bidea, errealitate birtualean amaitzen da. Naturaletik birtualera, eta historiak jarraitzen du.”

Birtualtasunaren mito honek badu bestelakorik ere. Non atzemango du errealitatea poetak? Nora begiratu? Birtualtasunaren ezbai berri honetan, baina, mugatu egiten zaio espazioa gizakiari. “Agoraz beste” egin duela esan daiteke. Beharbada, hutsune horren (eta beste askoren) karietara, agora hartu dute berriz haserretuek. Agora eta hitza. Entzunak izateko. Errealitatea antzemateko. Horixe da gizakiaren espazioa, polisa, eta gizakiarena den neurrian, poetarena.

jueves, 7 de junio de 2012

POESIA ETA PENTSAMENDUA, 4. manifestua

Imanol Larrinagaren irudia

KITSCHA, ATSEGINAREN GERIZAN (2010-12-30)
Aritz Gorrotxategi, Felipe Juaristi, Juan Ramón Makuso eta Pello Otxoteko.

Hermann Brochen esanetan, kategoria estetikoak kategoria etikoa ordezkatzen duenean, hortxe ematen da kitscharen muina. Horren ondorioz, artistaren betebeharra ez da, jada, “lan on bat” egitea, “lan atsegin bat” egitea baizik. Zentzu horretan, ez da heriotza gainditu nahi, heriotzari ihes egitea da kontua, irrazionala argitzeari muzin egin eta arrazionalerantz etengabe ihes egitea. Alegia, mundu hobeago eta seguruago batean babestea. Artea, zentzu zabalean ulertuta, bere garaiko gizakiaren erretratua da, eta kitscha gezurra baldin bada, gezur hori behar duen gizakiaren baitan egokituko da

Walter Benjaminek egindako diagnostikoaren arabera, artea bere funtzio kulturaletik banandua eta bereizia izan da. Benjaminek berak “aura” kontzeptuaren berreskurapena aipatzen zuen. Hain zuzen ere, kontzeptu honek artelanari bakantasuna eta errepika ezintasunaren kategoriak ematen baitizkio, eta “orain eta hemen” baldintzetan oinarritzen da, hau da, artelanak duen errepika ezintasunaren gaitasunean. Sortzerakoan, beraz, sentsazio berriak sortu nahi izatea babeslekua areagotzea litzateke, denbora-pasa.

Edonola ere, ez gara pentsamendu huts, ezta sentimendu huts ere. Pascalek zera zioen, “bihotzak bere arrazoiak ditu, arrazoimenak ezagutzen ez dituenak. Mila kontutan ikusten da hori.” Bihotza gehiago zen Pascalen garaian, arrazoimena baino, mila kontu eta bat gehiagoaren kariaz. Pascalentzat, ordea, bihotza adina zen arrazoimena; edo, alderantziz esanda, arrazoimena ahalekoa zen bihotza, mila arrazoirengatik. Kunderaren ustez, kitscharen erresuman bihotzaren diktadura da nagusi, alegia sentimendua bainoago sentimenduaren irudia, sentimenduzko gehiegikeria. Baina buru eta bihotzaren arteko lehia ez da benetakoa, faltsua eta interesatua baizik. Pentsamendua sentimendu suerte bat da. Bihotzak egia dela dioena egia da, nolabait esateko, buruak baieztatuko egia bezain egiazkoa, gutxienez. Bien artean egon beharko luke, aurkitu beharko genuke, orekaren bat, hitzez egina, oihuz bainoago. “Pentsatzen dut, beraz banaiz” famatua ere kitscharen erresumakoa da, beste erresuma klase batekoa, jakina. Arrazoimenak eraikitako etxean ez baitago askotan bizitzerik. Bihotzak eraikitakoan ere ez dago askotan gordetzerik.

Pentsamenduak gutxi egin lezake sentimenduaren aurka. Baina, bestela, badakigu pentsamendua dela bizitzari aurre egiteko dugun tresnarik eraginkorrena. Pentsamendua hitza baino lehenagokoa izan zen eta pentsamenduak hitzak berak ditu asmatu, bere nahi eta erara. Sentimenduak, hitza bainoago, oihua du maiteago, isiltasunaren oihua, isiltasunaren hitza. Bihotzari hitz egiten dionak, hitzak sentimenduzko belusean bil-bil eginik, arrakasta berehalakoa lortzen du. Buruari hitz egiten dionak ere lortzen du arrakasta, ez dezagun ahantz.

Finean, edozein arte espresio garatzerakoan, estetika eta etikaren arteko erlazioak gure oinarrietako bat izan behar du. Izan ere, Brochek zioen bezala, benetako arteak gizona liluratu egiten du, gizona liluratu egiten du itsutu arte, eta ondoren, egia ikusarazi egiten dio.