lunes, 10 de junio de 2013

POESIA ETA PENTSAMENDUA, 7. manifestua




POESIAREN ETXEA (2013-06-10)
Aritz Gorrotxategi, Felipe Juaristi, Juan Ramón Makuso eta Pello Otxoteko.


Poesiaren etxea defendituko dut; askatasunaren etxea defendituko dut: azalkeriaren kontra, faltsutasunaren kontra, artifizioaren kontra, axolagabekeriaren kontra. Poesia gizakiaren askatasunaren azken lurmuturra da.



Denok, orokorki, badaukagu gune intimo bat, barne-barnekoa, nortasunaren txoko mugatua, zeinetan gizabanako bakoitzaren emozioak eta bulkadak hozitzen diren; eta, indibiduoak urrunekoa norberarena balitz bezala sentitzen du eta norberarena urrunekoa balitz bezala. Leku horretan pasioa eta sentimenduak ernetzen dira, hots, emoziorik primitiboenak eta indartsuenak, eta horien artean, gogo poetikoa. Eta gogo poetikoa guztiz askea da.



Poesiaren askatasuna egiara hurbiltzeko balio digu, funtsean egia, iristezina bada ere. Askatasuna kanpo errealitatearen atxikimendua baimentzen dugu. Ondoren, geure barnean kontu partikularren eta kontu unibertsalen artean elkarrekiko loturak eraiki behar ditugu, joan-etorriko bideak sortu, eta hitzen bitartez geure barne gogoetak antolatu eta egituratu. Antolaketa honen arkitektura modu estetikoan egiten dugu, eta antolaketa honen lurraldea poesia da. Poesia da askatasunaren azken muga. Askatasun honek, arestian esan bezala, kanpo errealitatearen atxikimendua baimentzen digu, geure barne gogoetekin hausnartzeko emaitza eta adierazpide liriko aske baten ondorioa munduratzeko.



Poesiaren askatasuna da benetan arnasteko indarra ematen diguna. Askatasun horrek baimentzen digu etorkizunari ilusioz aurre egiteko sentimenduak garatzea, eta egungo injustiziaren aurrean erresistentzia modu ezberdinak gauzatzeko indarra ematen digu. Poesia hasperen bat da, putzaldi bat da, askatasunaren gunea eta bere haizearen eramailea, askatasunaren arnasa lau haizetara hedatuko duena, gizakion artean anaitasunezko hazia ernalduko duena.



Hitz aspertu luzea egiten dugu, bertso-lerro anpulosoak egituratu, eta mezu kitzikagarriak zabaldu. Baina ahalegin guztien funtsa poesia da, eta ekimena egiazkoa eta gizatiarra bada, orduan hitzen ostean bere hondar argigarria utziko du. Hitzaren azken lurraldea, askatasunaren isilune iraultzailea: poesia. Esan gabe geratzen dena da poesia.

No hay comentarios:

Publicar un comentario