PENTSAMENDUA ETA POESIA, 8. MANIFESTUA
![]() |
| Imanol Larrinagaren irudia |
POESIAK AHAL DU (2014-06-16) Aritz Gorrotxategi, Felipe Juaristi, Juan Ramón Makuso eta Pello Otxoteko.
Poesiak
gizakia ahal du. Ahal du gizakiaren mugez galdetu, ahal du mundua
izan eta munduratu. Poesiaren bidez galdetzen du poetak, ez, ordea,
ziurtasunaren egarri delako, galderaren bidez gorpuzten delako
baizik, zalantzaren bidez, kontraesanaren bidez... Tresna horien
bidez egiten du munduaren irudia, hitzen bidez arakatzen du eta
eraikitzen, hizkuntzaren bidez ahal dezake errealitatea birsortu eta
azaletik atera. Galdetzea azalean ez geratzea baita, azalekoan
ainguratuta ez geratzea, autoatsegintasunaren gerizan. Galdetzea,
ordea, ez da beti erantzunak topatzea. Galdera norabaitera iristeko
bidea da, nora ez dakigun arren. Galdera argia eta heldulekua da.
Poeta galderan gauzatzen da, hartan da biluzten. Poeta zalantza da,
baina egiarekin egiten du amets, jakin badakien arren egia kontzeptu
bat besterik ez dela. Horra poetaren kontraesan handienetakoa: mundua
azaltzeko asmatu dugu hitza, baina hitzak berez du mugatzen mundua,
sailkatzen du eta ordenatzen. Etiketatzen. Poetak, hitzak bezalaxe,
bere mugak ditu, baina muga horiek gainditzea du helburu, hitzak
harago eramatea edo sakonetik ur azalera ekartzea. Agian, ezingo
ditu berezko mugak gainditu, baina saiatzea da haren lanbide
kartsua,
Gelmanen hitzekin esateko, mundua hitzaren bidez birsortu ahal duela
sinistea.
Yves
Bonnefoyren esanetan, “ni poetikoak munduaren sakontasunera
garamatza, ez du gure hilkortasuna ahazten, ez eta denboraren baitan
bizi garenik ere. Esperientzia poetikoak norbanakoarena behar du
izan, eta gizabanakoan berriro sor daiteke. Gizabanako horiek lagun
diezaiokete gizarteari berritzen”. Egunerokotasunean sentimenduen
bidez bizi dugu esperientzia poetikoa, sentimenduen bidez eta ez
sentsazioen bidez. Poesiak gure sentitzeko gaitasunaren epidermisa,
dermisa eta hipodermisa ukitu beharko lituzke. Sentimenduaren gunerik
sakonenera heldu beharko litzateke, mina ere badagoen gunera.
Sentsazioa, berriz, epidermisean geratzen da, azalean. Ez du zauririk
uzten, ez galderarik eragiten, eta hark utzitako poza azkar
lurruntzen da.
“Nekatuta
hitzekin datozen horiekin,/ hitzekin baina ez hizkuntzarekin, /
abiatu naiz elurrez estalitako uhartera”, dio Tranströmerren 79ko
martxoan
poemak. Eta amaieran, berriz: “Basahuntzaren oinatzekin egin dut
topo elurretan. / Hitzik ez, baina bai hizkuntza”. Izan ere,
hitzari hizkuntzatik datorkio hunkitzeko indarra, ez diskurtsotik.
Poetaren galderak ez du beste ezer ez beste inor zerbitzatzen. Poesia
diskurtso politikoarekiko ezaxola bizi da, poesia ideologiarekiko
borroka baita. Diskurtso politikoak sinplifikatu egiten du, gurekiko
ezberdinak diren horiek ez ulertzeko erabakia dauka atzetik,
norberaren tesiak indartzekoa, norbera gotortzekoa. Poesia, ordea,
besteak ulertzeko bokaziotik sortzen da, galderak egiteko bokaziotik,
ez erantzun behin-betikoak emateko bokaziotik. Horregatik da
askatasunaren eremu, eta horregatik ahal du poesiak.

