lunes, 16 de junio de 2014

POESIA ETA PENTSAMENDUA, 8. manifestua

PENTSAMENDUA ETA POESIA, 8. MANIFESTUA 


Imanol Larrinagaren irudia

POESIAK AHAL DU (2014-06-16) Aritz Gorrotxategi, Felipe Juaristi, Juan Ramón Makuso eta Pello Otxoteko.

     Poesiak gizakia ahal du. Ahal du gizakiaren mugez galdetu, ahal du mundua izan eta munduratu. Poesiaren bidez galdetzen du poetak, ez, ordea, ziurtasunaren egarri delako, galderaren bidez gorpuzten delako baizik, zalantzaren bidez, kontraesanaren bidez... Tresna horien bidez egiten du munduaren irudia, hitzen bidez arakatzen du eta eraikitzen, hizkuntzaren bidez ahal dezake errealitatea birsortu eta azaletik atera. Galdetzea azalean ez geratzea baita, azalekoan ainguratuta ez geratzea, autoatsegintasunaren gerizan. Galdetzea, ordea, ez da beti erantzunak topatzea. Galdera norabaitera iristeko bidea da, nora ez dakigun arren. Galdera argia eta heldulekua da. Poeta galderan gauzatzen da, hartan da biluzten. Poeta zalantza da, baina egiarekin egiten du amets, jakin badakien arren egia kontzeptu bat besterik ez dela. Horra poetaren kontraesan handienetakoa: mundua azaltzeko asmatu dugu hitza, baina hitzak berez du mugatzen mundua, sailkatzen du eta ordenatzen. Etiketatzen. Poetak, hitzak bezalaxe, bere mugak ditu, baina muga horiek gainditzea du helburu, hitzak harago eramatea edo sakonetik ur azalera ekartzea. Agian, ezingo ditu berezko mugak gainditu, baina saiatzea da haren lanbide kartsua, Gelmanen hitzekin esateko, mundua hitzaren bidez birsortu ahal duela sinistea.
   Yves Bonnefoyren esanetan, “ni poetikoak munduaren sakontasunera garamatza, ez du gure hilkortasuna ahazten, ez eta denboraren baitan bizi garenik ere. Esperientzia poetikoak norbanakoarena behar du izan, eta gizabanakoan berriro sor daiteke. Gizabanako horiek lagun diezaiokete gizarteari berritzen”. Egunerokotasunean sentimenduen bidez bizi dugu esperientzia poetikoa, sentimenduen bidez eta ez sentsazioen bidez. Poesiak gure sentitzeko gaitasunaren epidermisa, dermisa eta hipodermisa ukitu beharko lituzke. Sentimenduaren gunerik sakonenera heldu beharko litzateke, mina ere badagoen gunera. Sentsazioa, berriz, epidermisean geratzen da, azalean. Ez du zauririk uzten, ez galderarik eragiten, eta hark utzitako poza azkar lurruntzen da.
        “Nekatuta hitzekin datozen horiekin,/ hitzekin baina ez hizkuntzarekin, / abiatu naiz elurrez estalitako uhartera”, dio Tranströmerren 79ko martxoan poemak. Eta amaieran, berriz: “Basahuntzaren oinatzekin egin dut topo elurretan. / Hitzik ez, baina bai hizkuntza”. Izan ere, hitzari hizkuntzatik datorkio hunkitzeko indarra, ez diskurtsotik. Poetaren galderak ez du beste ezer ez beste inor zerbitzatzen. Poesia diskurtso politikoarekiko ezaxola bizi da, poesia ideologiarekiko borroka baita. Diskurtso politikoak sinplifikatu egiten du, gurekiko ezberdinak diren horiek ez ulertzeko erabakia dauka atzetik, norberaren tesiak indartzekoa, norbera gotortzekoa. Poesia, ordea, besteak ulertzeko bokaziotik sortzen da, galderak egiteko bokaziotik, ez erantzun behin-betikoak emateko bokaziotik. Horregatik da askatasunaren eremu, eta horregatik ahal du poesiak.

No hay comentarios:

Publicar un comentario