jueves, 7 de junio de 2012

POESIA ETA PENTSAMENDUA, 3. manifestua


Imanol Larrinagaren irudia



Poesia krisi garaian (2010-06-14)
Aritz Gorrotxategi, Felipe Juaristi, Juan Ramón Makuso, Pello Otxoteko.

Krisi garaian gaude; baina krisia da gizakiaren egoera eta izate
etengabekoa. Krisi ekonomikoa dago, eta krisi politikoa ere bai.
Humanismoaren ideia ere krisian da eta horrek mendebalde osoa utzi
du larrua agerian. Hannah Arendt kulturaren krisia adierazteko
tradizioaren galera aipatu zuen. Iraganarekin zerikusia duen ororekiko
harremana da krisian dagoena. Ez gara gauza iragana ulertu eta gurera
ekartzeko eta, horregatik, saiatzen gara haren orrialdeak irakurtzen eta
gerora begira mezuak bidaltzen, naufrago baten botilak balira bezala.
Krisi guztiek, halabeharrez, legitimitate-krisia ekarri dute. Azken krisi
horren ondorioa da bazter guztiak hartuta dauzkan desilusioa edo,
beste izenez, postmodernitatea.
 
Historiarik gabe ez dago iraganik. Dena bihurtzen da oraineko.
Errealitatea bera ere simulakro hutsa da. Postmodernitateak oso arin
ezabatu ditu bere aztarnak; eta bera bere buruaren atzetik dabil
etengabe, nerabea balitz bezala. Esparru sinbolikoak errealitatearen
ordezkotza eskatu du, eta lortu. Ezer ez da dirudiena; eta dirudiena
badena baino gehiago da. Egia mozorropean ezkutatzen da eta gezurra
aurpegi huts dabil; baina inork ez du ezagutzen, eta nahasmendu
horretan ateratzen da garaile. Ordenadore batek, alegia irudimenezko
egiak, narrazio berria sor dezake. Eta narrazio berria historia
ordezkatzera etorri da; eta narrazio berriaren gainean beste narrazioa
eraikiko da eta, hura ere, ordezkatu duen narrazioren lurraldetik
urrunduko da eta desagertuko.
 

Poesia beti egon eta egin da krisian. Hobeto esanda, krisia da
poesiaren egoera naturala. Bi galdera oinarrizkori erantzun ezak taxutu
du bere nortasuna. “Zertarako poesia Jainkoa hil ondoren?”, da bata.
“Zertarako poetak Auschwitz gertatu eta gero?”, da bigarrena. Baina
erantzunik ez dago.

Aldatu da gizakiaren tokia munduan. Konturatzeke, bere azpian
zegoen lurra mugitu egin da, edo mugiarazi egin diote, eta galdurik
geratu da, babesik gabe sentitzen da, irudiz inguraturik. Irudia da
saltzen duena; ez errealitateari lotuta dagoen produktua. Dirua ere
metafora polita da. Ez dagoena erakusten du. Ikusten ez dena da
ikusten denaren ordezkari, eta horregatik ikusten dena ere ez baztertu,
zokoratu eta galdu egin da gure mundua bihurtzen ari den desertuan
barrena.
 
Poesiak, ordea, abantaila hartua du mundu honetan. Ikusten ez
den orotaz osaturik baitago; eta hura ere ikusgarri egiten du.

No hay comentarios:

Publicar un comentario