![]() |
| Imanol Larrinagaren irudia |
KITSCHA, ATSEGINAREN GERIZAN (2010-12-30)
Aritz Gorrotxategi, Felipe Juaristi, Juan Ramón Makuso eta Pello
Otxoteko.
Hermann Brochen esanetan, kategoria estetikoak kategoria etikoa
ordezkatzen duenean, hortxe ematen da kitscharen
muina. Horren ondorioz, artistaren betebeharra ez da, jada, “lan on bat”
egitea, “lan atsegin bat” egitea baizik. Zentzu horretan, ez da heriotza
gainditu nahi, heriotzari ihes egitea da kontua, irrazionala argitzeari muzin
egin eta arrazionalerantz etengabe ihes egitea. Alegia, mundu hobeago eta
seguruago batean babestea. Artea, zentzu zabalean ulertuta, bere garaiko
gizakiaren erretratua da, eta kitscha gezurra
baldin bada, gezur hori behar duen gizakiaren baitan egokituko da
Walter Benjaminek egindako
diagnostikoaren arabera, artea bere funtzio kulturaletik banandua eta bereizia
izan da. Benjaminek berak “aura” kontzeptuaren berreskurapena aipatzen zuen.
Hain zuzen ere, kontzeptu honek artelanari bakantasuna eta errepika
ezintasunaren kategoriak ematen baitizkio, eta “orain eta hemen” baldintzetan oinarritzen da, hau da, artelanak
duen errepika ezintasunaren gaitasunean. Sortzerakoan, beraz, sentsazio berriak
sortu nahi izatea babeslekua areagotzea litzateke, denbora-pasa.
Edonola ere, ez gara
pentsamendu huts, ezta sentimendu huts ere. Pascalek zera zioen, “bihotzak bere
arrazoiak ditu, arrazoimenak ezagutzen ez dituenak. Mila kontutan ikusten da
hori.” Bihotza gehiago zen Pascalen garaian, arrazoimena baino, mila kontu eta
bat gehiagoaren kariaz. Pascalentzat, ordea, bihotza adina zen arrazoimena;
edo, alderantziz esanda, arrazoimena ahalekoa zen bihotza, mila
arrazoirengatik. Kunderaren ustez, kitscharen erresuman bihotzaren diktadura da
nagusi, alegia sentimendua bainoago sentimenduaren irudia, sentimenduzko
gehiegikeria. Baina buru eta bihotzaren arteko lehia ez da benetakoa, faltsua
eta interesatua baizik. Pentsamendua sentimendu suerte bat da. Bihotzak egia
dela dioena egia da, nolabait esateko, buruak baieztatuko egia bezain egiazkoa,
gutxienez. Bien artean egon beharko luke, aurkitu beharko genuke, orekaren bat,
hitzez egina, oihuz bainoago. “Pentsatzen dut, beraz banaiz” famatua ere kitscharen erresumakoa da, beste
erresuma klase batekoa, jakina. Arrazoimenak eraikitako etxean ez baitago
askotan bizitzerik. Bihotzak eraikitakoan ere ez dago askotan gordetzerik.
Pentsamenduak gutxi egin lezake sentimenduaren
aurka. Baina, bestela, badakigu pentsamendua dela bizitzari aurre egiteko dugun
tresnarik eraginkorrena. Pentsamendua hitza baino lehenagokoa izan zen eta
pentsamenduak hitzak berak ditu asmatu, bere nahi eta erara. Sentimenduak,
hitza bainoago, oihua du maiteago, isiltasunaren oihua, isiltasunaren hitza.
Bihotzari hitz egiten dionak, hitzak sentimenduzko belusean bil-bil eginik,
arrakasta berehalakoa lortzen du. Buruari hitz egiten dionak ere lortzen du
arrakasta, ez dezagun ahantz.
Finean,
edozein arte espresio garatzerakoan, estetika eta etikaren arteko erlazioak
gure oinarrietako bat izan behar du. Izan ere, Brochek zioen bezala, benetako
arteak gizona liluratu egiten du, gizona liluratu egiten du itsutu arte, eta
ondoren, egia ikusarazi egiten dio.

No hay comentarios:
Publicar un comentario