![]() |
| Imanol Larrinagaren irudia |
POESIATIK POLISERA (Donostia, 2011/06/14)
Aritz Gorrotxategi, Felipe Juaristi, Juan Ramón Makuso, Pello
Otxoteko
Aritz Gorrotxategi, Felipe Juaristi, Juan Ramón Makuso, Pello
Otxoteko
“Garbi dago hiria gauza naturaletako
bat dela, eta gizakia izaeraz hiriko animalia”. Horrela dio Aristotelesek bere Politikan. Eta hitz hauek poesiaren
jardunarekin uztartzen dira: hitzaren bitartez zizelkatzen du poetak bere
errealitatea, polisan, agoran, hiriko plazan.
Poemaren sorkuntzan, poetak
hitzarekin jolasten du, hitza behar du harilkatu. Eta hitzekin beste elementu
bat askatzen du: barruko sentimenduak. Sentimenduak oso bereak izan arren,
poema irakurle/entzuleari ematen dionean, sentimenduak jada ez dira bereak,
irakurle/entzulearenak baizik, poemari gorputza ematen dion beste horrenak,
ezinbesteko figura. Kontraesana badirudi ere, poetak hitzaren bitartez atzeman
nahi du errealitatea, errealitateari erantzun, eta hor ezinbestekoa du hitzen
bidez erantzutea. Errealitateari erantzuteko, beraz, poetak hitza eta gogoeta
ditu tresna, hitza da errealitatea eta bien arteko zubia. Halere, zubia ez da
igarobide lasai bat. Zubi horretan ezbai asko daude, bihurgune ugari,
poetarentzat ez baita erraza hitz egokia topatzea errealitatea atzemateko. Eta
horixe da poetaren erronka, errealitate horren erpinak arakatzea,
errealitatearekiko jakin mina sekula galdu gabe. Zentzu horretan, Goethe-ren
hitzak gogoratuz, artearen jardun gorena
eta bakarra forma ematea da. Poesiak, gizakiak, poetak, bere hitzekin
erantzuten duenean forma ematen dio errealitateari, polisean gertatzen denari, polisarekin
bat eginez.
Alde horretatik, ezin ahaztu Xabier
Leteren hitzak: “eta poeta eta poeta, etxean gelditu da ateak itxita”. Nonbait,
haserretu egin da poeta, bizkarra ematen dio kanpokoari, polisari, hiriari. Eta beharbada, baita ere bere buruari. Baina ez
hori bakarrik. Aristotelesi kasu egitera, “hitza, ordea, komeni dena eta
kaltegarri dena, bidezkoa eta bidegabekeria, adierazteko erabiltzen da”. Poeta
abere politiko baden neurrian, poesiatik lerratze etiko bat egiten saiatzen da;
hau da, polisekoa, hirikoa den
neurrian, parte hartzen saiatzen da, estetika eta etika bat proposatuz.
Edonola ere, gaurko egunean polisa bera ezbaian ageri da; eta
baliteke hiri berri baten atarian egotea. Eta, ondorioz, gizaki berri baten
atarian, aurrekoa gainditzekotan dena. Baina gizaki berri honek ez du
zerikusirik Nietzschek aldarrikatzen zuen gain-gizakiarekin, ezta, haren
ifrentzuan, Tosltoik desio zuen
anaitasun loturak izango zituen gizakiarekin. Gaurko hiria, Leteren poeta
huraxe bezala, ateak itxita geratu da, bere baitan bilduta bezainbat bere
baitatik ihesi. Edo José San Martinen hitzetan esanda, “gure historia hasi
genuen izaditik gutxi gorabeherako ihesaldi batekin. Denboraren poderioz,
urrentze hori areagotu egin da. Gaur, bidea, errealitate birtualean amaitzen
da. Naturaletik birtualera, eta historiak jarraitzen du.”
Birtualtasunaren
mito honek badu bestelakorik ere. Non atzemango du errealitatea poetak? Nora
begiratu? Birtualtasunaren ezbai berri honetan, baina, mugatu egiten zaio
espazioa gizakiari. “Agoraz beste” egin duela esan daiteke. Beharbada, hutsune
horren (eta beste askoren) karietara, agora hartu dute berriz haserretuek. Agora eta hitza. Entzunak
izateko. Errealitatea antzemateko. Horixe da gizakiaren espazioa, polisa, eta gizakiarena den neurrian,
poetarena.

No hay comentarios:
Publicar un comentario