 |
| Imanol Larrinagaren irudia |
POESIA, ILUNTASUNA
ARAKATZEKO ZENTZUMEN (2012-6-11)
Aritz Gorrotxategi, Felipe Juaristi, Juan Ramón Makuso eta Pello
Otxoteko.
Kanten ustez,
zientzia eta arrazoia mugatuak dira errealitatea antz emateko, gizakiak
distortsionatuta antz ematen baitu errealitatea. Distortsio mekanismoa
gizakiaren gaitasun kontzeptuala da. Gizakiaren oinarrizko kontzeptuak
(denbora, espazioa, existentzia… ) ez dira esperientziatik eratortzen, bere
kontzientzian dagoen filtro sistema batetik baizik. Sistema horrek bere diseinu
propioa ezartzen dio gizakiak munduaz duen pertzepzioari. Hori dela eta,
gizakiak ezin du bestela antz eman kanpoko hori. Kanten ustez, horrek frogatuko
luke gizakiaren kontzeptuak ilusio hutsa baino ez direla, ilusio huts
kolektiboa gainera, inork ezin baitu bertatik ihes egin. Hala, zientzia eta
arrazoia mugatuak lirateke. Nola diren mugatuak, zentzu horretan paralelismoa
eginez, albistegi zein albistegiez huts-hutsean elikatzen diren eztabaidak
errealitatea antz emateko. Esan baitaiteke kazetaritza eta informazioaren
alorrak gertakari eta zirkunstantzietan
bilatzen duela halako egunerokotasunaren logos bat.
Unamunorentzat,
aldiz, arrazoiak ezin du bidea bidelagunik gabe egin. Ezinbesteko du bihotza.
Biekin pentsatu beharra dago, biekin antz eman beharra. Arrazoiarentzat
frogagarri dena, huraxe da egia. Beraz, arrazoia ez da gaitasun kontsolagarri
bat. Neurri batean asetzen du zientziak gure jakiteko grina, gure egia-gosea.
Baina ezin ditu ase gure behar afektibo edo nahimenezkoak, gure hilezkortasun
egarria. Are, ez asetzeaz gain, aurka egiten die. Izan ere, Spinozak
esandakoari jarraiki, gauza bakoitzak bere izatean irauteko duen ahalegina,
ez da gauza horrexen egitezko esentzia besterik". Esan nahi baitu
Unamunok, gure esentzia, gizaki bakoitzarena, gizaki izaten irauteko ahalegina
baino ez dela, hila ez izateko eginahala. Transzendentzia. Gure “beste”
errealitatea, barru-barrukoa, albistegiek ukitu ere egiten ez dutena.
Baina zergatik
transzenditzeko gose hori? Txikitatik sortzen da gugan jakin mina, beti
zertxobait haratago jakiteko gogoa. Zergatia zorrozteko beharra, ukitzekoa. Ez
gara osorik jaio, zerbait dugu faltan. Kosta egiten zaigu bizitza datorren
bezala hartzea. Horregatik sortu ditugu erlijioa, filosofia, artea edo zientzia;
ez gatozelako guztiz bat bizitzea tokatu zaigun munduarekin. Horregatik ari
gara aspalditik gure mundu propioa eraiki nahian, gure lekua, etengabe gure
buruaz eta hura hartuko duen errealitateaz erdituz. Etengabeko erditze
horretan, errealitatea bere osotasunean antz emateko ahalegin horretan, eta era
berean, jakinik, arrazoia bere horretan, helduleku fidakaitz samarra dela, non
hondoratu sustraiak?
Maria Zambranok
arrazoi poetikoa proposatzen zuen. Hau da, filosofiaren hitz arrazionala eta
poesiarenaren irrazionala uztartzea. Erro beretik baitatoz biak: inguratzen
gaituen errealitatearekiko harridura. Eta
harridurara kanporatzen gaituen erditze honetan jatorrizko izakia
berreskuratzen dugu. Hain zuzen ere, Nietzschek
urte batzuk atzera irekitako ziurgabetasun eremua egoki bideratzeko proposatzen
zuen Zambranok arrazoi poetikoa. Nietzschek hil zuen jainkoa filosofiarena baitzen,
arrazoiak sortutakoa. Alemaniarrak jatorrira itzuli nahi zuen, jainkotasunaren
ezaugarrien bila. Askatasun tragikoa erein zuen, eta aldi berean, filosofiak
definitutakotik ezkutuan geratu zen hura guztia berreskuratu zuen. Alegia,
gizakiak gizakiari ezarritako mugak apurtu zituen, eta horrekin batera, bere
arimaren infernuak berreskuratu: grinak. Eta infernuan, iluntasuna zegoen,
ezereza, orain kontzientzian leku hartuz, izatearen ordez. Sartrek gerora
azpimarratuko du, ezereza absentzia bezala bizia denean, badela azpian beste zerbaiten
aukera. Baina zein izate klaseri ote dagokio? Jatorrizkoari, espazio eta
denborarik gabeko gizaki horri, sakratutasun garbiari. Jatorrizko izaki hori
berreskuratu ostean, gizakiari berari dagokio bere izate berria sortzea,
sortzeak berak eta sortzeak berak dakarren kontzientzia onartuz.
Zambranoren
proposamenak bide horretatik jotzen du. Bere ustez, metodo arazo batek banatzen
ditu poesia eta filosofia. Poesia, berez, antimetodikoa baita, eta gauzen
osotasuna salbatu nahi du, diren bezalako, askotariko, ezeri uko egin gabe.
Metodorik gabeko bide honi segika, bere burua ahaztuz, poetak osotasuna eta
grazia erdietsi ditu, kantatzen duen ahots gisa, eta ahots horren bidez gauzak
bere izate propioan agertzen dira. Azken batean, poesia logosa eratu
aurretikoa da, hizkuntza baino lehenagokoa, eta sakratutasunetik mintzo zaio
bihotzari, logosak mugatu gabeko zelai batetik. Poesia da gure baitako
iluntasuna arakatzen laguntzen digun zentzumena, gure arroztasuna adierazten
duen hitza. Izan ere, albisteek soilik ez gaituzte
iluntasunetik aterako. Politikak bakarrik, ez du mundua konponbidean jarriko. Osotasunez
hurbildu behar gatzaizkio errealitateari, zintzo, transzendentzia eta
egunerokotasuna uztartuz. Horixe da poesiaren eremua,
errealitatearen sustraiak bilatzea kantuaren bidez.